Xabier Landabidea, euskara eta fikzioa batzen dituen Fikzio Fabrikaren kidea
2025 IRAILA"Jolasa da benetan zentzua ematen diona gure bizitzari. Eta gero, heldu bezala, konturatzen gara horretaz serioago."
Xabier Landabidea Fikzio Fabrikako Lehendakaria da, eta bere ibilbidea sormenaren, ikerketaren eta aisialdiaren arteko elkargunean garatu du. Aisia eta Giza Potentzialean doktorea izanik, irakasle eta ikerlari lanetan jardun du, baina azken urteetan bere arreta Fikzio Fabrikan jarri du: eraldaketarako sormen kolektiboa den ekimen batean.
'Jokoaren arauak aldatzera gatoz' dioen leloarekin, Fikzio Fabrikak Atopia, Taroka edo Etorkizunaren Hitzaurrea bezalako proiektu kolektiboetan hartu du parte, betiere esperimentazioa, fikzioa eta jolasa ardatz hartuta. Sormenaren bidez beste errealitate batzuk imajinatu eta probokatzeko gaitasuna aldarrikatzen dute, eta Fikzio Fabrika geroz eta erreferente handiagoa bihurtzen ari da euskal ekosistema kultural eta sortzailean.
-
“ Nik uste dut denok dakigula hasieratik jolasa oso inportantea dela. Umeak garenean aukera guztiak baliatzen ditugu jolasera joateko; jolasetik kanpo gelditzen dena nolabait "sobran" daukaguna da. Ez da intuizio kontua bakarrik: badaude adierazle psikologiko, soziologiko eta kulturalak jolasak duen garrantzia baieztatzen dutenak.
Ikertzailea, irakaslea eta fikziozko munduen sortzailea zara. Noiz konturatu zinen jolasa entretenimendua baino zerbait gehiago izan zitekeela?
¿? -
Zer ekarpen egin du unibertsitatean egin duzun ibilbideak eta pentsamendu kritikoak fikzioa eraldaketarako tresna gisa ulertzen duzun modura?“ Unibertsitateak pentsamendua antolatzeko eta zabaltzeko aukera ematen du. Nik uste dut unibertsitateko ikasketek teoria eta ikuspegi batzuk eman dizkidatela, eta horien bidez deskubritu dugu jolasak ez duela umeen kontu hutsa izan behar, ekarpen handiak egin baititzake, bai gizarte mailan, bai maila pertsonalean. Beraz, Fikzio Fabrikatik hori planteatzen dugu: jolasaren potentziala eraldaketa sozialaren zerbitzura jartzea.
-
Zein izan da euskararen rola zure garapen pertsonal eta profesionalean? Eta nola dihardu beste hizkuntzekin zure lanean?“ Euskaldun izatea, aldi berean, faena bat eta zorte bat da. Faena da, zeren kontran daukazu dena: gutxi gara, ez dago dirurik, ez dago merkaturik... Baina hori ez da guztiz egia. Ez gara hain gutxi, dirua ez da beti oztopo, eta merkatua, behar bada, sortu egin daiteke. Dena den, kontran ibiltze horrek ikaragarrizko aukerak ematen dizkigu, krisi permanente horretan ezinezkoa delako eroso sentitzea edota konformatzea. Inkonformismo estruktural horretatik posibilitateak baino ez dira sortzen; dena dago egiteke, dena da posible. Hortaz, euskararen inguruan gure ikuspegia ez da autolimitantea: jolasek behar dute euskara, eta euskarak behar du jolasa.
-
Irudikatuko zaituen pertsonaia bat asmatu beharko bazenu, nolakoa izango litzateke eta zer botere izango lituzke?“ Ezingo nuke pertsonaia bakarra aukeratu. Fikzioaren gauzarik ederrenetako bat da ez duzula zertan pertsona bakarra izan behar: izan zaitezke katu bat, estralurtar bat, bikingo bat edo abokatu nazi bat. Zergatik ez? Botereari dagokionez, jokalari bezala daukagun boterea aukeratuko nuke: paperez aldatzeko gaitasuna. Gaur etxekoandre beltz bat Louisianan, bihar krokodilo ehiztari bat Australian; hori ikaragarrizko boterea da, eta botere hori badaukagu.
-
Fikzio Fabrikak fikzio kolaboratiboa eta jolasa erabiltzen ditu ikaskuntza, inklusioa eta eraldaketarako tresna gisa. Nola sortzen da ideia hori eta ze motibaziorekin?“ Fikzio Fabrika sortu zen ia konturatu gabe, munduko ideia onenak bezala. 2018an Gerediaga Elkartearen lehen Sormen Beka irabazi genuen, Atopia RPGrol jokoarekin , eta 54. Durangoko Azokan jendaurrean aurkeztu genuen. Jokoa oso ondo funtzionatu zuen. Hor ikusi genuen bazegoela hutsune bat; euskaraz ez zegoen ezer, eta gaur egun 25 joko baino gehiago daude. Gero Taroka sortu genuen, errima bidezko karta-jokoa, eta hor ikusi genuen posible dela jokoak euskaraz egitea, eta funtzionatu egiten dutela. Hortik abiatu zen egitura baten beharra, kolektibo artistikoaz haratago iritsiko dena.
-
Guztiak digitalera jotzen duen mundu batean, apustu sendoa egiten duzue topaketa eta aurrez aurreko elkarrizketaren alde. Zer balio aurkitzen duzue bertan, eremu birtualean erreplika ezin daitekeena?“ Ez gara batere puristak zentzu horretan, pantailen alde gaude, aukerak zabaltzen dituzte. Halaz ere, iruditzen zaigu pantailakrazia bat ezarri dela, eta errazegi irristatzen garela pantaila-zentrismora. Fikzio Fabrikatik ikusi dugu aurrez aurreko topaketek esperientzia interesgarriagoak ahalbidetzen dituztela.
- “ Pantailetatik aldentzen garenean, txinpartak sortzen dira eta posible egiten dira gure egunerokotasun azeleratu honetan sarritan posible ez diren gauzak
-
Zure ustez, zer eginkizun du jolasak hezkuntzan eta gizarte-kohesioan gaur egun?“ Jolasak aukera ematen digu gure burutik ateratzeko, beste baten tokian jartzeko, etorkizun posibleak esploratzeko, eta gure mundua zalantzan jartzeko. Eta hori guztia transformazioaren abiapuntu da. Administraziotik, enpresetatik, elkarteetatik... jolasaren benetako potentziala serio hartu beharko genuke. Kriston instrumentua da.
-
Zer esango zenioke "jolastea haurrentzat bakarrik" dela uste duen norbaiti?“ Jolasa ez da adin-kontu bat, jolasa bizitzeko modu bat da. Bidaiak, elkarrizketak, kirolak... denak izan daitezke jolas. Umeek ez diote jolasteari uzten heldu direlako, gu gara jolasteari uzten diogunak "heldu" bihurtzen garenean. Uste dut heldu bezala orekatuak eta integroak izateko, jolasa behar dugula, eta horretarako espazioa eta denbora eskaini gure egunerokoan.
-
Non ikusten duzu Fikzio Fabrika bost urte barru? Zer mundu mota eraiki nahi zenukete?“ Momentu honetan Fikzio Fabrika hipotesi moduan bizi dugu, oraindik ere esperimentazioaren eta saiakeren fasean gaude, baina bost urte barru gustatuko litzaiguke jada errealitate sendo eta normalizatu bat izatea. Ez dugu bakarrak ez onenak izan nahi, baizik eta, batzuk izan, eta gure bidearekin beste batzuei bidea zabaltzea.
-
Gaur egun BDCCko Sendotze Programaren parte zarete. Zerk bultzatu zintuzten parte hartzera eta zer espero duzue etapa honetatik?“ Guk jada proiektu batzuk egina genituen (Atopia, Taroka), baina oraindik ez genuen geure buruari benetan aitortu egiten ari ginena zerbait sendo eta estrategikoa bihurtzeko modukoa zela. BDCCko Sendotze Programara sartzea izan da momentu horietako bat non esaten diozun zure buruari: "hau serio hartu behar dugu", eta horrek ez du esan nahi jolasa baztertu behar dugunik. Aitzitik, hau da jolasa bera serio hartzea, espazio gehiago ematea, egituratzea eta begirada estrategiko batekin aztertzea nola aurkeztu nahi dugun gure burua, nora heldu nahi dugun eta zein balio eskaintzen dugun. Programa aitzaki zoragarria izan da gure ideia guztiak desordenatzeko eta berrantolatzeko: kaos sortzaile batetik ordena berritu batera.
-
Orain arte, zer eragin izan du BDCCren laguntzak Fikzio Fabrika proiektu gisa egituratzeko edo bideratzeko moduan?“ Orain arte intuizio hutsez aritu gara eta, egia esan, zortea izan dugu. Dena den, programak lagundu digu ulertzen proiektu batek jendearengana iritsi nahi badu, oinarri sendoago batzuk behar dituela: nor gara, nora goaz, eta nola komunikatzen dugu egiten duguna. Prozesua ez da erosoa izan, barne-gogoeta asko egin behar izan dugu, baina era berean oso aberasgarria izan da, eguneroko jardunetik ateratzeko eta helburuari buruzko galdera sakonak egiteko aukera eskainiz.
-
Zure ikuspuntutik, zer behar du gaur egun kultura- eta sormen-sektoreak Euskadin, eta zer eginkizun izan dezake BDCCk ekosistema horretan?“ Ez dut irakaspen handiak emateko asmorik, baina gomendio bat bai: jolasa eta jokoa serio hartu behar dira kultura eta sormen sektoreen barruan. Oraindik gehiegi lotzen dira umeekin edo bideo-jokoekin, eta horrek ikuspuntu oso mugatua ematen du. Badago hemen lanerako esparru bat, sormenerako espazio bat eta, zergatik ez, aberastasunerako aukera bat ere bai. Fikzio Fabrikatik uste dugu jolasa gure kulturaren parte bat dela, eta behingoz hala ulertzea ezinbestekoa dela.