Eduki nagusia pasatu

Hitzik gabe emozionatzen: Marie de Jongh-en unibertso sortzailea

2025 ABENDUA

Euskadi Sortzailea/Creativa ekitaldiaren baitan -azaroaren 13an eta 14an Tabakaleran (Donostia) ospatutakoa- kultur eta sormen industrien (KSI) eremuko profesionalek eta eragileek esperientziak, metodologiak eta ikuspegiak partekatu zituzten sektorearen orainari eta etorkizunari buruz. Gonbidatutako ahotsen artean, nabarmendu zen Marie de Jongh, Euskal Herriko eta nazioarteko eszenan aitortza handia duen antzerki konpainia, hitzik gabe hunkitzeko duen modu bereziagatik ezaguna.

Sortu zenetik, Marie de Jongh-ek unibertso eszeniko propioa eraiki du: gorputz- adierazpena, musika eta sentsibilitate bisuala uztartuz, istorio sakon eta unibertsalak kontatzen dituena. Bere lana sariz saritu izan da, eta munduko hainbat agertokitan aurkeztu dute; horrela erakutsiz berrikuntza eszenikoa sentiberatasun emozionaletik eta keinuen poetikatik ere lor daitekeela.

Euskadi Sortzailea/Creativa ekitaldian parte hartu dutela aprobetxatuz, Jokin Oregirekin -konpainiako zuzendaria eta jabekidea- eta Pio Ortiz de Pinedorekin -ekoizpen zuzendaria- hitz egin dugu: haien ibilbideaz, berrikuntza artistikoaren ulermenaz eta aldaketa betean dagoen testuinguruan sektoreak dituen erronkez.

  • Marie de Jongh konpainia euskal antzerki panoraman berezienetako bat bihurtu da. Nola definituko zenukete zuen hizkuntza eszenikoaren esentzia?

    ¿?
    Esango nuke gure ezaugarri nagusietako bat dela gure istorio propioak kontatzen ditugula; ez ditugu egokitzapenak egiten, ez eta klasikoetara jotzen ere. Guk geuk sortutako istorioak taularatzea da gure ibilbidearen oinarria. Hitza erabiltzen dugun arren, gure antzerkiaren ezaugarririk nabariena da testurik ez erabiltzea. Normalean maskararekin, keinuekin, antzerki fisikoarekin edo keinu-antzerkiarekin lan egiten dugu. Horiek dira, uste dut, gure lanaren seinale bereizgarrienak.
  • Nola sortu zen Marie de Jongh proiektua, eta nolako bilakaera izan du gaur arte?
    Marie de Jongh sortu zen nire bikotekide Anak proposatu zidan egun batean: "Elkarrekin zerbait egingo dugu?". Ana Markeliñe konpainian ari zen lanean, eta ni Maskaradan. Ideia sortu zen, profesional moduan inoiz elkarrekin lan egin ez genuelako. Lehen ikuskizuna garaje batean sortu genuen, 38 urterekin, bi seme - alaba genituela. Esperientzia bat bizitzea zen helburua, eta gure lehen lana, "Zer duzu, negarrez, Marie?", aurkeztu genuen. FETENen estreinatu zen eta sari nagusia jaso zuen. Hortik aurrera beste ikuskizun batzuk sortzen jarraitu genuen, eta gaur arte bide horretan segitu dugu.
  • Zuen ezaugarri nagusietako bat hitzik ez erabiltzea eta emozioa lehen lerroan jartzea da. Zergatik aukeratu zenuten ildo artistiko hori?
    Niretzat erronka bat izan zen. Anak jada egiten zuen keinu-antzerkia hitzik gabe Markeliñen, eta ni, ordu arte, testua eta elkarrizketak erabiltzen aritu nintzen. Hitzik gabe lan egiten hastea aurkikuntza handia izan zen: antzerkia berez da artifiziala, eta hitza kentzen dizkiozunean are artifizialagoa bihurtzen da. Baina hor sortzen da zerbait berria: >unibertso eta hizkuntza desberdin bat, ikuslearen bihotzera zuzenean iristen dena. Poetika hori oso interesgarria iruditu zitzaidan; komunikazio arrunta ez den zerbait da, lirikoa da. Hitzik gabe ere, antzerkiak badu poesia
  • Zuen lanean antzerkia, mimoa, dantza, musika? uztartzen dira. Nolakoa da sormen prozesua ikuskizun bat sortzerakoan?
    Lehenik eta behin istorioa ahalik eta modu sinpleenean egituratzen saiatzen naiz. Istorioak benetako zerbait eduki behar du, benetan hunkitzen gaituena. Oso garrantzitsua zait egia bat egotea, neure sentipen baten parte publikoa eskaini nahi diodana. Normalean hitzik gabe egiten dugu, nahiz eta ikuskizun batzuetan hitza erabili, gure hurrengo estreinaldian bezala. Istorioa sinple eta indartsu eskaintzen saiatzen gara. Ondoren, plastikotasuna eta magia gehitzen dizkiogu inprobisazio bidez, geruzaz geruza eraikiz. Sortzen dudan bitartean idazten dut, eta Joël Pommeraten metodoetan inspiratzen naiz, berak dioen "ikuskizunen idazlea" izate hori.
  • Zein ikaskuntza edo mugarri nabarmenduko zenituzkete zuen ibilbidean?
    Ez da erraza norberak esatea? Beti saiatu gara haur eta gazteentzako antzerki kalitatezkoa egiten, profesionaltasun eta exijentzia handienarekin. Horrela sari garrantzitsuak jaso ditugu, Espainiako mailako sari nazional bat barne. Leku oso esanguratsuetan lan egin dugu, hala nola Lyonko Théâtre Célestinsen, eta Frantzian zein beste herrialde batzuetan birak egin ditugu. Oso esanguratsua izan da FETENen eta Madrilgo Teatralian behin eta berriz hautatuak izatea. Gainera, gure ikuskizun berria, "Kimu, la casa de todos", Teatre Lliuren estreinatuko da, eta hori ere mugarri handia da. Hori guztia gure lanean dagoen konfiantza eta kalitate zigilu bat direla iruditzen zait.
  • BDCCk berrikuntza bultzatzen du kultur eta sormen industrian. Nola ulertzen du Marie de Jonghk berrikuntza eszenikoaren arloan?
    Arteen sektoreak, artisautzaren oso gertukoa, berrikuntza batez ere prozesuetan txertatzen du. Konpainia bakoitzak, Marie de Jongh barne, istorioak kontatzeko modu berriak bilatzen ditu: maskararen bidez edo publikoarengana heltzeko modu berriak garatuz. Berrikuntzak denbora, materialak eta laborategiak eskatzen ditu. Zerbait desberdina egitea ez da berrikuntza; apustu bat da. Benetan berria sortzeko behar dira: denbora, pazientzia, saiakera eta akatsa, eta baliabideak. Talentua eta sormena badaude Euskadin, baina askotan baliabideen faltagatik ez dira guztiz garatzen.
  • Publikoak aldatzen ari diren garai honetan, nola konektatzen duzue belaunaldi berriekin edo nazioarteko ikusleekin?
    Etenik gabe lanean aritzen gara haur publikoari egokitzeko, hiru urtetik gorakoentzat. Haien beharrak eta kezka nagusiak behatzen ditugu. Haurrek emozioetan bakarrik ez daudela ulertzea nahi dugu, eta komunitate baten parte direla. Aldi berean, helduek ere gozatu dezaten saiatzen gara. Beti eskaintzen dugu kalitate gorena, haurrak asko somatzen baitu zerbait interesik gabe egin denean. Oinarrizkoa da ikusleak garrantzitsu sentiaraztea, esperientziaren parte.
  • Zein dira gaur egun euskal eta europar eszenaren inguruan konpainia independenteek dituzten erronka nagusiak?
    Bi erronka nagusi daude: biren jasangarritasuna eta baliabide ekonomikoak. Birak egitea funtsezkoa da publiko berrietara iristeko, baina gero eta zailagoa da Euskal Herritik kanpora edo Estatutik kanpora antolatzea. Jasangarritasun ekologikoa ere izan behar du: ez du zentzurik 1.000 km egin eta emanaldi bakarra emateak. Bestalde, kulturaren aldeko apustu politiko eta instituzional sendoa behar da. Beste erronka handi bat ikusle berriak heztea da. Elkarlana, profesionalizazioa eta teknologia eta berrikuntza baliatzea funtsezkoa da.
  • Moduluetako batek lankidetza eta gobernantzaren ereduak jorratu ditu. Nola ulertzen duzue gobernantza esparru sortzailean? Zer praktika on nabarmenduko zenituzkete?
    Antzerkia diziplina anitzekoa da: eszenografia, jantziak, teknikariak, artistak eta arlo ezberdinetako profesionalak. Lankidetza talde-lanean ematen da, baita hezkuntzan ere, esperientzia osatzen duten tailerren edo jardueren bidez. Oraindik ere badago lekua antzerkiarekin zuzenean lotuta ez dauden sektoreekin lan egiteko, hala nola osasunarekin edo medikuntzarekin, non arte eszenikoek ekarpen handia egin lezaketen.
  • Beste modulu batek nazioartekotzea eta ICCak jorratu ditu. Zer aukerak edo zailtasun ikusten dituzue euskal enpresa sortzaileak nazioartean egonkortzeko?
    Nazioartekotzeko oinarrizkoa da zirkuitu eta merkatuak ondo ezagutzea, tokiko profesionalei eustea eta kontaktuen sare sendoak eraikitzea. Gure esperientzian Txinara, Estatu Batuetara eta beste herrialde askotara bidaiatu dugu. Talentu euskaldunak badu lekua munduan, baldin eta informazioa, prestakuntza eta sareak ondo lantzen badira.
  • Zuen esperientziatik, zein politika edo babes izango lirateke funtsezko euskal antzerki sektorea indartzeko?
    Funtsezkoa da lanerako espazioak edukitzea: entseguetarako, esperimentaziorako, alentua erakartzeko eta teknologia erabiltzeko. Konpainia askok ez dute espazio horien aukera, eta horrek mugatu egiten du berrikuntza eta profesionalizazioa. Kulturaren aldeko apustu sendo batek bermatzen du arte eszenikoen etorkizuna eta jasangarritasuna.
  • Nola imajinatzen duzu Euskadiko antzerkiaren eta arte eszenikoen etorkizuna datozen hamar urteetan?
    Antzerkia existituko da sortzeko eta partekatzeko gogoa dagoen bitartean. Gakoa da zein baliabide emango dizkion gizarteak. Babesa badago, erabat garatuko da, gizartea aberastuko du eta talentu sortzailea bultzatuko du.
  • Zein da Marie de Jongh eta BDCCren arteko harremana?
    Lankidetza puntualak izan dira, baina oso baliotsuak: prestakuntza, kudeaketa tailerrak, merkataritza misioak eta antzerkiari buruzko ezagutza partekatzeko topaketak. BDCCk tresna erabilgarriak eskaintzen ditu, bai ikuspegi artistikotik bai enpresarialetik.
  • Zer sinergia sortzen dira BDCCren eta Marie de Jonghren artean?
    BDCCk gure gaitasuna eta irismena handitzen ditu. Elkarri eustea, topaketetan parte hartzea eta elkarlanak sustatzea garrantzitsua da, baita bakarrik imajina ezingo genituzkeen aukera berriak aprobetxatzea ere. Harreman profesionalak gure konpainiak sendotzen ditu eta gure lanaren kalitatea hobetzen du.

BESTE ALBISTEAK

Bat egin

BDCCko kide izan nahi duzu eta nobedade guztien berri izan?

Orientazioa
TAKE A
LOOK!!!

AHOLKURIK EDO ORIENTAZIORIK BEHAR DUZU?

Zure proiektu, enpresa edo erakundearen inguruan hausnarketarako tresnak edo aholkularitza bilatzen ari zara?

Gure esperientziarekin eta gure sarearekin, zure enpresa-erronketan lagunduko dizugu, tresnen katalogoaren eta aholkularitza pertsonalizatuaren bidez.

Zure negozioarekin lagunduko dizugu

Cookien erabileraren helburua webgune honen erabilera aztertzea da. Informazio gehiago nahi izanez gero, ikusi gure cookien politika.

Euskadi, auzolana