Eduki nagusia pasatu

Enpresa jasangarriagoak, enpresa lehiakorragoak: jasangarritasuna Kultura eta Sormen Industrian

2026 AZAROA

Gaur egungo testuinguruan, jasangarritasuna ez da soilik betebehar etiko edo ekologiko bat; lehiakortasunerako funtsezko tresna bihurtu da. Europako helburuek, finantzaketa publikoek eta bezeroen gero eta exijentzia handiagoek erakusten dute norabidea argia dela: aurrea hartzen duena hobeto posizionatuta egongo da merkatuan. Kultura eta Sormen Industrien (KSI) kasuan, erronka nagusia ez da egitea, baizik eta jakitea nola eta nondik hasi, sektoreko errealitatera egokitutako tresna arin eta eskuragarrien bidez.

Ideia horretatik abiatuta sortu du Basque District of Culture and Creativity (BDCC)-ek jasangarritasunaren inguruko aholkularitza programa eta lan-tresna propioa. Helburua argia da: enpresei laguntzea beren inpaktua ordenatzen, neurketa errazak egiten eta errentagarritasuna zein negozio-aukera uztartzen.

  • Neurrira egindako tresna bat
  • Industria konbentzionaleko metodologiak sarritan konplexuegiak dira proiektuka lan egiten duten enpresa txikientzat. Hori dela eta, BDCCren tresnak sektorearen hizkuntza berezia erabiltzen du: rodajeak, muntaiak, azokak edo jaialdiak hartzen ditu abiapuntu. Prozesuak hiru pauso nagusi ditu eta taldean garatzen da: abiapuntuaren azterketa, inpaktu-mapa egitea eta aukera zehatzak hautatzea. Analisia dimentsio ezberdinetan zentratu daiteke (eguneroko jardueran, proiektu propio batean edota bezeroei gomendatzen zaien horretan), betiere plana landu ezin bihurtu gabe.
  • Aholkularitza eta pilotajea: paperetik errealitatera
  • Autodiagnostikoa abiapuntua besterik ez da; aholkularitza pertsonalizatuak, ordea, errealitatera egokitzen eta ekintzara pasatzen laguntzen du. Pilotaje faseak erakutsi duenez, fitxek gogoeta ordenatzen dute, baina aholkularitzak interpretatzen, kontrastatzen eta zehazten laguntzen du. Prozesu honen parte gisa, Bilibin enpresaren bidez eskainitako aholkularitzak (Eneko Muruzabalen eskutik) funtsezko bultzada eman die enpresei lan batzuk berrartzeko eta ikuspegi praktiko bat emateko. Isostatika bezalako estudioek oso modu positiboan baloratu dute esperientzia hau: «Bilibinek Eneko Muruzabalen bitartez emandako aholkularitza oso ongi etorri zaigu pixka bat geldi zaukagun lana berri batekin berrartzeko eta, batez ere, orientazio praktikoago bat emateko», nabarmentzen dute. Enekok berak garatutako lan-gidak egitura-erabakiek ingurumenean duten inpaktuan jarri zuen arreta, hausnarketak lurrera jaitsi eta hobekuntza aukera zehatzak definitzeko.
  • Enpresen feedback-a: bezeroa prozesuaren erdigunean
  • Pilotajearen eta aholkularitzaren bitartez, enpresek ikusi dute jasangarritasunak aukera berriak irekitzen dituela harreman komertzialetan. Isostatikaren kasuan, autodiagnostikoak eta ondorengo lanek ikuspegi berri bat ekarri dute: «Proiektuaren hasieratik bezeroa inplikatuz gero balio handiagoa ematen dugula ikusarazi digu, amaieran gure ondorioak soilik helarazi beharrean. Ideia da beraiekin partekatzea aukera desberdinen ingurumen-ondorioak eta erabakietan parte hartzaile egitea, konponbide jasangarriagoak bilatzeko», azpimarratzen dute. Ikuspegi horrek ez du soilik ingurumen-inpaktua murrizten, baizik eta bezeroaren aurrean balio erantsia sortzen du, posizionamendua indartuz.
  • Nondik hasi sormen-sektoreko enpresentzat?
  • Sektore anitza izanik, azpisektore bakoitzak inpaktu desberdinak ditu: argitaletxe batean mugikortasunak pisu handia izan dezake; ikus-entzunezko batean, rodajeetako logistikak; edo arkitektura eta egitura estudio batean, diseinatutako objektu eta egiturak berak. Hori dela eta, aholkularitza programak eta tresnak gomendatzen duena argia da lehen urratsa emateko:
    1. Ordenatu eta balioetsi dagoeneko egiten dena: Enpresa askok baliabideak aurrezteko edo material egokiak erabiltzeko irizpideak dituzte jada, baina ez dituzte jasotzen eta ez diote kanpoan zabaltzen. Kanpoko begirada batek laguntzen du barruan berekizkotzat jotzen dena baloratzen.
    2. Mugatu eta zentratu: Ez da dena batera neurtu behar; hobe da dimentsio zehatz bat aukeratzea eta puntu beroak identifikatzea.
    3. Lehen aukera erraz batekin probatu : Emaitza ikusgarri eta ukigarri batek konfiantza ematen du hurrengo urratsak emateko.
    Azken batean, Isostatikak ondo laburbiltzen duen moduan, jasangarritasunaren bideak ez du ikuspegia aldatzen, aberastu baizik: «Proiektuen lehen faseetatik irizpide horiek txertatzen hasteko beharrezkoak diren tresnak eta ezagutzak eman dizkigu», frogatuz jasangarritasunak eta lehiakortasunak eskutik helduta joan behar dutela Kultura eta Sormen Industrien etorkizunean.

BESTE ALBISTEAK

Bat egin

BDCCko kide izan nahi duzu eta nobedade guztien berri izan?

Orientazioa
TAKE A
LOOK!!!

AHOLKURIK EDO ORIENTAZIORIK BEHAR DUZU?

Zure proiektu, enpresa edo erakundearen inguruan hausnarketarako tresnak edo aholkularitza bilatzen ari zara?

Gure esperientziarekin eta gure sarearekin, zure enpresa-erronketan lagunduko dizugu, tresnen katalogoaren eta aholkularitza pertsonalizatuaren bidez.

Zure negozioarekin lagunduko dizugu
info@basquedcc.eus

Cookien erabileraren helburua webgune honen erabilera aztertzea da. Informazio gehiago nahi izanez gero, ikusi gure cookien politika.

Euskadi, auzolana