Andoni Iturbe Amorebieta, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordetza
2026 IRAILA"Erabaki estrategikoak hartu eta lan-ildoak zehazteko funtsezko tresna da Kulturaren Euskal Behatokia eta egiten duen lana"
Kulturaren Euskal Behatokiaren 20.urteurrena dela eta, Andoni Iturbe Amorebieta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordearekin hitz egin dugu, erakunde honek azken bi hamarkadetan kultura-sektorearen ezagutzan eta azterketan izan duen eginkizunari buruz.
Ebidentzian oinarritutako erabakiak hartzea gero eta garrantzitsuagoa den testuinguru honetan, Behatokia tresna estrategiko gisa sendotu da Euskadiko kulturaren bilakaera ulertzeko eta politika publikoak bideratzeko. Datuen balioaz, etorkizuneko erronkez eta ezagutza hori kultura- eta sormen-ekosistema osora zabaltzearen garrantziaz aritu gara harekin.
-
“ Bere lana erabat zentrala da. Lehenik eta behin, azpimarratu nahiko nuke Behatoki batek hogei urtez lanean jardun izana berez oso garrantzitsua dela. Gainera, politika publikoak aztertzeko eta garatzeko funtsezko tresna da, datuetan eta ezagutza berrietan oinarrituta lan egiteko aukera ematen digulako.
Kulturaren Euskal Behatokiak (KEB) 20 urte betetzen ditu aurten, gure kulturarentzat mugarri garrantzitsua. Zure ikuspegi eta ibilbidetik, nola baloratzen duzu Behatokiak bi hamarkada hauetan jokatutako papera?
¿? -
Nola aldatu da zure begirada eta lotura kultur kudeaketarekin eta analisiekin urte guzti hauetan?“ Azken urteotan asko aldatu da. Pandemiak inflexio-puntu argia markatu zuen: garai hartan datuak eta ezagutza funtsezkoak izan ziren erabakiak hartzeko. Hortik aurrera etapa berri bat ireki zen; ikuspegi kualitatibotik harago joan, eta datu kuantitatiboekin eta ezagutza berriekin lan egiteko modu sendoago bat garatzen hasi ginen.
-
Tokikoaren eta globalaren arteko egungo bidegurutzean, zeintzuk dira zuretzat negoziaezinak diren printzipio edo balioak Euskadiko kultur politika eta behaketa lantzeko orduan?“ Kultur politiketan oinarria Euskadin egon behar da, ondo errotuta. Baina, aldi berean, ezinbestekoa da mundura begira egotea. “ Beraz, hemen oinarri sendoa eraiki behar dugu, betiere nazioarteko begirada hori galdu gabe; izan ere, hori ere bada euskal kultura eta gure nortasuna mundura zabaltzeko moduetako bat.
-
Datu, estatistika eta ikerketa zorrotzak izatea funtsezkoa da. Nola lagundu du KEBren lanak gure kultura- eta sormen-industrien (KSI) erabaki estrategikoak bideratzen eta sektorea profesionalizatzen?“ Gaur egun datuak ditugu, eta datu horiei esker badakigu zer gertatzen ari den bai kultur sektorean, bai sektore profesionalaren barruan. Enpresen egoera ezagutzen dugu, lan-merkatuarena ere bai, eta baita kultur eskaintzarena ere. Horri esker, sektorearen argazki osoa dugu. Datu horietan oinarrituta, erabaki estrategikoak hartu eta lan-ildoak zehazteko funtsezko tresna da Behatokia eta egiten duen lana.
-
Atzera begiratzen badugu, 2006ko erronkak eta egungoak oso ezberdinak ziren. Gaur egun, adimen artifizialarekin, globalizazioarekin eta kontsumo-ohitura berriekin, zeintzuk dira Behatokiaren egungo ikerketa-lehentasunak?“ Egoerak etengabe aldatzen ari dira, eta, gainera, gero eta azkarrago. Gaur egun, adimen artifiziala gai garrantzitsua da, eta bereziki kulturaren esparruan eragin handia izango du. Era berean, funtsezkoa da kulturak zer balio publiko eta sozial sortzen duen aztertzea, hau da, gure gizartean eta garapen sozioekonomikoan zer ekarpen egiten duen ulertzea. Horregatik, datozen urteetan ere ezinbestekoa izango da datu kuantitatiboekin eta kalitatezko informazioarekin lanean jarraitzea.
-
Labur zein ertainera begira, nola aurreikusten dituzu Kulturaren Euskal Behatokiaren hurrengo urteak? Zein mugarri lortu nahiko zenituzke?“ Aurten urte berezia izango da, Behatokiak 20. urteurrena betetzen duelako. Azaroan nazioarteko kongresu bat egingo dugu, eta aukera izango dugu nazioarteko aditu onenetako batzuk Euskadin, Bilbon, biltzeko. Haiekin lan egitea eta ezagutza partekatzea oso aberasgarria izango da. Etorkizunari begira, Behatokia gai garrantzitsuenak datuen bidez aztertzen jarraitzea nahiko nuke. Orain arte asko landu dugu kulturak garapen sozioekonomikoan duen eragina, eta lan hori oso baliagarria izan da non gauden ulertzeko. Hurrengo urteetan, ordea, uste dut oso garrantzitsua izango dela kulturak pertsonen ongizateari egiten dion ekarpena ere aztertzea.
-
Zein balio bereizgarri dakar BDCC bezalako ekosistema bat izateak ezagutza teoriko eta estatistiko hori guztia enpresa- eta sormen-sarera transferitzeko?“ Kultur sektorea berezia da, sormenarekin eta sorkuntzarekin lotutako sektorea delako. Hala ere, askotan ikusten dugu kudeaketaren alorrean, enpresa edo proiektu profesional gisa, hutsune batzuk ere badaudela. Horregatik, BDCCren lana oso garrantzitsua da: kultur sektoreko profesionalei prestakuntza eta trebakuntza eskaintzen dizkie, batez ere kudeaketaren eta proiektu enpresarialen ikuspegitik. Izan ere, kultur sektorean diharduten profesionalek dagoeneko badute beren motxila; BDCCk, motxila hori hobeto kudeatzeko tresnak eta laguntza eskaintzen dizkie.