Reverse Mission 20252025 ABENDUA
-
2025eko urriaren 21etik 24ra, Basque District of Culture & Creativity (BDCC) erakundeak Reverse Mission 2025 ekitaldian parte hartu zuen. Nazioarteko DC Network sarearen barruan egiten da urtero jarduera hori. Euskadi sare horretako kide da, eta beste lurralde batzuekin partekatzen du lekua, hala nola Flandersekin eta North Brabantekin. Aurten, Reverse Mission delakoa bi nodo horiek antolatu zuten, eta, hori dela eta, BDCCk Belgikara eta Herbehereetara bidaiatu zuen, bertako ekosistema sortzaileak bertatik bertara ezagutzeko. Ekimena Dutch Design Week-en barruan kokatu zen, Benelux eskualdeko diseinu ekitaldi nagusia.
Lau egunetan zehar, talde parte-hartzaileak - BDCCko ordezkariek eta euskal sormen ekosistemako lau eragilek osatua: IDV Design Studio (Xabi Motagoitikoa), Basque BioDesign Center (Eduardo Loreto), Amarenak (Oihane Pardo) eta Nahiarte (Naia Aristondo) - diseinu eta moda berrikuntzan funtsezkoak diren espazio, enpresa eta erakundeak bisitatu zituen.
Ibilbideko leku nabarmenen artean Flanders DC, Bakermat, Re-Antwerp, NOA Outdoor, Kortrijk-eko Wonder Creativity Festival edo Eindhoven-eko Dutch Design Week zeuden. Bisitek iraunkortasunari, material berriei, zirkularitateari, digitalizazioari eta sormenean oinarritutako hiri-posizionamenduko estrategiei buruzko ikaskuntza konbinatu zuten.
HELBURUAK ETA ERAAGINA
Reverse Mission DC Network-en barruan finkatutako ekimena da, kide diren lurraldeen arteko elkartruke profesionala bultzatzeko sortua. Bere helburua da harremanak sendotzea, ezagutzak partekatzea eta Europako eskualde sortzaileen arteko lankidetza erraztea. Nazioarteko eragileekin izandako zuzeneko harremanaren bidez, parte hartu zuten euskal enpresek aukera izan zuten diseinuaren, modaren eta sormenezko berrikuntzaren arloetako praktika, ikuspegi eta erronka komunak ezagutzeko. Helburu nagusien artean hauek nabarmendu ziren:- Euskal enpresa sortzaileen nazioartekotzea eta lankidetza bultzatzea Europako testuinguru dinamiko batean.
- Talentua, industria eta berrikuntza-espazioak konektatzea, nazioz gaindiko sinergiak sustatuz.
- Iraunkortasunaren eta ekonomia zirkularraren inguruko jardunbide egokiak ezagutzea, diseinuari eta modari aplikatuta.
- BDCCren posizionamendua indartzea, euskal sektore sortzailearentzako erreferentzia-nodo gisa eta Europako beste ekosistema batzuekiko lotura gisa.
EMAITZAK ETA HURRENGO URRATSAK
Misioak oso balantze positiboa utzi zuen, bai ezarritako harremanen kalitateagatik, bai diseinuaren esparruan berritzeko eta lankidetzan aritzeko modu berrien inguruan lortutako inspirazioagatik. Parte-hartzaileak bat etorri ziren nazioarteko harremanak sendotzen jarraitzearen garrantzian, tokiko praktikak aberasteko eta sektorearen lehiakortasuna handitzeko. Emaitza aipagarrienen artean:- Europako eragileekin lankidetzan eta trukean aritzeko aukerak identifikatu ziren, besteak beste, diseinu zirkularrean, material jasangarrietan eta berrikuntza sozialean.
- Enpresa parte-hartzaileek bidaiaren baliagarritasuna nabarmendu zuten, beren sormen-prozesuei eta negozio-ereduei buruz hausnartzeko.
- BDCCk Reverse Mission programan parte hartzeko asmoa berretsi zuen, euskal ekosistema nazioarteko esperientzia eta aliantzetara irekitzeko tresna estrategiko gisa.